XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Belokeko jardunaldian esan bezala, ez da hau oinarrizko arazo teorikoetan sartzeko leku aproposa.

Eta, ondorioz, ahalik eta gogoeta gutxien egin nahi ere da era horretako auzi-mauziez.

Bada hemen, ordea, aurrerago jo gabe ere, argitasun-beharrean dagoen puntu bat: astaputz moduko hitz elkartuak aparteko multzo gisa zergatik hartzen diren.

Are zehatzago esanik: izena eta izana sanskritotik jaso eta, Uhlenbeck ararteko genuela, guganaino iritsitako bahuvrampicirc;hi elkarte-motak astaputz moduko hitz elkartuak ere bere esparruan biltzen ez ote dituen argitu beharra dago.

Adibide batzuren laguntzaz eskaini nahi da, hartarako, zenbait erizpide.

Demagun mugakizun/mugatzaile lanean diharduten hitz-bikoteak ditugula, bata bestearen ondoren eta tartean inolako erlazio-morfemarik gabe.

Horrela, substantiboak maiuskulaz eta izenondoko adjetiboak minuskulaz emanaz, eta mugatzailea B(b) letraz eta mugakizuna A(a) letraz, azter ditzagun banan bana honako hiru eraikuntza-moduok: Ab: sudur luze (sudur luzea du benetan mutil horrek), buru handi (buru handiko kasta da, inondik ere, behi-mota hori).

Eraikuntza sintagmatiko libretzat hartzen dira hauek: hitz-andana ihartuen kasua alde batera utzirik, gainerakoan ez da horrelakoetan hitz-elkarketarik ikusten.

B-a: sudurluze (sudurluze horrek kendu zidak lekua "), buruhandi (alferrik duk horren pareko buruhandiekin hitzegiten jardutea).

Bahuvrampicirc;hi saileko hitz-elkarteak direla esan ohi da hauek.

Exozentrikoak direla esan ohi da sarri eta, euskal gramatikari gehienek diotenez, -dun morfema galduz sortuak omen dira.

Azken eraikuntzaren (hots B-a delakoaren) azalpide horretaz jakina da adostasunik ez dagoela gaur-gaurkoz.

Are gehiago: sarriagotan eman ohi da kontrara (edota, gutxienez, bestela) eraikuntza honen barne-moldaera.

Definizio horien gora-beherak oraingoz albo batera utziaz (hurrengo batean aztertuko da hori, bahuvrampicirc;hiak aurrez aurre lantzean), alde nabarmen batzuk bederen badaude lehenengo taldetik bigarrenera: - sudur luze bat sudurra (eta luzea) den arren, sudurluze bat ez da sudurra, sudurrez luzea den pertsona edo animalia bat baizik.

- Azentuazio mailan oso trataera desberdinekoak dira sail bata eta bestea.